top of page
marka.gif
PREKARIETATEA JO PUNTUAN

Aiaraldeko Gune Prekarioen mapak gazteon bizitza ardazten duen prekarietateari maskara kentzea du helburu, miseriara kondenatzen gaituzten horiei izen eta abizena jartzea.

 

Borroka kolektibo honetan ezinbestekoa da elkarren laguntza; norbanakotik, nor bere esperientziatik eskualdeko argazki osatu bat egitea dugu xede. Zure inguruan, zure azalean edota kidearen azalean bizitako esperientziak mapaprekarioa@gmail.com helbidean jasoak izango dira..

 

Ireki ditzagun begiak eta seinalatu dezagun itotzen gaituen hori!

 

Gazteoi pazientzia aspaldi agortu zitzaigun, nazkatuta gaude eta ez gaude prest beste batzuek markatutako koordenadetan bizirauteko. Gure hautua argia da: era duinean lan, bizi eta ikasi nahi dugu. Auzolana, burujabetza, herria, jasangarritasuna, parekidetasuna, euskara… ardatz, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua orain eta hemen eraikiko dugu.

 

Bizitza eta kapitalaren arteko kontraesanak erroko aterabide bat behar du, ez dago kapitalismo gizatiarrago bat egiteko aukerarik, ez eta hau erreformatzerik ere. Bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren premia agerikoa da. Klaseen eta sexu-genero sistemaren banaketa gainditzen duen gizarte antolamendu batez ari gara.

 

Horren aurrean, baina, bizitzen eguneroko prekarizazioarekin egiten dugu topo. Kapitalaren mesedetan bizitzaren debaluazio etengabea zaigu gazteoi. Itsu, mutu eta gor nahi gaituzte, euren makinariaren pieza soil.

 

Baina gazteok aspaldi egin genuen begiak ireki eta ahotsak altxatzeko hautua. Aiaraldean, hamarnaka dira orainaren jabe izateko eman ditugun urratsak eta ehunka gara bide honetara elkartu garen gazteak. Manifestazioak, martxak, lantegien okupazioak, asanbladak, hitzaldiak, elkartasun ekimenak...

 

Bide berdinetik jarraitzeko determinazioz jarraitzen dugu, martxan gara Aiaraldean prekarietateari aurre egingo dion gazte olatua ardazteko.

 

Miseriara kondenatu nahi gaituzten horiei kareta kenduko diegu hurrengo aste eta hilabeteetan. Izen eta abizenak baitituzte eta asko dira: ETTak, lantoki prekarioak, joko aretoak...

 

Aiaraldean lan, bizi eta ikasi nahi dugula ozen aldarrikatuko dugu, ez dago geldituko gaituenik!

 

CONTACT US
bottom of page